SEMAFOROKO ARMIARMA

3d renderings fg an all green traffic light

Orain dela aste batzuk hiri handi bateko semaforo batean Armiarmika izeneko armiarma xelebre, pertxent eta lasai batek oinezkoentzako argi gorrian jarri zuen bere armiarma-sarea (inoiz ikusi den armiarma-sare egile hoberenetakoa zen Armiarmika). Egunak joan, egunak etorri Armiarmika armiarma pixka bat nazkatzen hasi zen bi gauzagatik: 1) kolore gorria ez zitzaiolako batere gustatzen eta 2) gazteak litxarreriak jaten, gurasoak beren umeekin, helduak presaka, aiton-amonak eta abarrek zain egon behar izaten zutelako eta horrek amorru handia ematen zion.

Horrela pasa ziren egunak, eta Armiarmika geroz eta amorratuago zegoen giro horrekin, auto guztiak kea botatzen eta bitartean jendea mugikorrari begira, zain, lasai, ezertxo ere pasatuko ez balitz bezalaxe. Baina ez zuen denbora asko behar izan ohartzeko argi gorria itzaltzen zenean jende guztia hasten zela zebrabidea pasatzen. Beraz, erabaki zuen zertxobait pentsatu beharko zuela saltsa guzti horretan.

Egun batzuk egon zen Armiarmika hausnartzen eta erabaki zuen espedizio bat prestatu behar zuela semaforoaren inguruan. Horrela, armiarma-sarea gerrian lotu eta pixkanaka beherantz joaten hasi zen. Beldur pixka bat ematen zion nahiko altu baitzegoen eta erortzen bazen kolpe ikaragarria hartuko zuelako. Oso ondo miatu zituen bazter guztiak eta gauza bat oso interesgarria ikusi zuen. Semaforoaren erdialdean botoi arraroa bat zegoen, jende askok sakatzen zuena. Botoia sakatuta argitxo laranja bat pizten zen. Bertan hau jartzen zuen: Itxaron pixka bat mesedez.

Denbora joan ahala, Armiarmika ohartu zen botoiari emanez gero, lehenago jartzen zela berdea eta jendeak aukera zuela zebrabidea pasatzeko. Orduan, pentsatu zuen armiarma-sarea gerrian lotzea eta, behera jaitsita, berak ere botoari ematea. Horrelaxe egon zen egun batzuk goitik behera eta behetik gora. Baina ez zuen gauza handirik lortzen, nahiz eta argi berdea azkarxeago piztu.

Egunak joan ahala nekatu eta errenditu egin zen Armiarmika. Berriro bere armiarma-sarean geratu zen zer egin ez zekiela. Ordu batzuen ondoren, galdera bat sortu zitzaion: baina, nondik dator argi gorri hau? Erabaki bat hartu zuen hurrena: Argi gorri hura nondik zetorren deskubritzea. Beraz, arnasa ondo hartu eta argi gorrirantz abiatu zen. Horrela, bidean zihoala, gauza gogor batekin jo zuen bere burua Armiarmikak eta atzeraka erori zen.

Esnatu zenean ez zen ezertaz gogoratzen. Eskerrak bere armiarma-sarearen gainera erori zela! Horregatik salbatu zen. Oraindik argi gorri hura nondik zetorren jakin nahi zuenez, arnasa bi aldiz hartuta eta besoak aurrean jarrita, argi gorrira hurbiltzen hasi zen Armiarmika. Bere besoak gauza gogor hori ukitu zuten momentuan ohartu zen kristal bat zela. Zorigaitzez ez zeukan aterik beraz, ezin izan zuen sartu. Halere, ez zen errenditu, auskalo zer zegoen hor barruan! Beste hausnarketa sakon bat egin behar zuen…

Ez zen denbora asko pasa ideia bat etorri zitzaionean: Armiarma-sarearekin behera joatea pertsonaren baten poltsikotik gauza gogorren bat hartu eta argi gorria babesten zuen kristala hautsi. Hori lortzean argi gorria itzali eta pertsona horren poltsikoan hartutakoa berriz uztea. Beraz armiarma-sarea gerrian loturik behera joaten hasi zen (ohituta zegoen jadanik), andere bat zegoen hurbilen, harantz balantzatu zen Armiarmika eta anderearen poltsikoan sartu zen suabe. Suabe bai, baina orduantxe nahi gabe armiarma-sarea hautsi egin zen. Zorte onez ordea, anderea ez zen oso altua eta salto batean lurreratu zen Armiarmika. Arazo bat zuen halere: bere etxea oso altu zegoen eta ez zekien nola igo etxera. Beraz, hantxe geratu zen lurrean hanka eta zapatila askoren azpian.

Bi egun eta gau oso luze bat pasa ostean beste ideia bat eduki zuen Arniarmikak: pertsona altu bat iristen zenean semaforoaren ondora, haren bidez poliki-poliki igo egingo zen. Hiru ordu zain egon ostean iritsi zen beste andere altu bat, beraz segundo bat galdu gabe goraka igotzen hasi zen, baita lortu ere. Bere etxean zegoen berriro, eta bi egun eta gau bat loa egitea erabakita, lo egiten hasi zen Armiarmika.

Handik bi edo hiru egunetara esnatu zen Armiarmika, oraindik galdera hau zuela buruan: Nondik dator argi gorri deseroso hori? Zerk eragiten zu argi hori? Ez zuen pakerik izango, erantzuna topatu arte. Beraz berriro armiarma-sarea gerrian lotu eta behera joaten hasi zen Armiarmika. Lehenengo gerturatu zitzaiona gizon bat izan zen. Poltsikoan kontu kontuz sartu zen. Gauza gogor bat zegoen poltsikoan, hobeto esanda asko. Arnasa hartuz gora joaten hasi zen poliki-poliki. Azkenean argi gorria ateratzen zen tokiaren parean zegoen: orduan golpe lehor batekin hautsi zuen kristala. Hori eginda, behera abiatu zen berriz hartutakoa gizonaren poltsikoan uzteko. Gero berriz ere eta gora igo zen.

Hantxe zegoen Armiarmika armiarma bare armiarma-sarean, eta argi gorria babesten zuen kristala hautsita. Bi aldiz pentsatu gabe argi gorriruntz hurbiltzen hasi zen, han bonbila txiki asko ikusi zituen eta horren atzekaldean ordenagailu, botoi, kable eta entxufe pila bat. Barrura sartu zen eta inguru bitxi eta itsusi horretan kuxkuseatzen hasi zen. Hasieran beldurgarria iruditu zitzaion dena, baina oso azkar pasatu zitzaion beldurra. Bonbila piztu (berea) zitzaion eta ideia bat eduki zuen: ordenagailu, entxufe, botoi eta kable horietakoren bat mugitzen bazuen agian jende guzti horrek lehenago pasa ahalko zuen zebrabidea. Bi minutu barru botoi, kable, entxufe eta ordenagailu guztiak mugituta edo hautsita zeuden. Asko gustatu zitzaion ekintza hori, baina, ikusi egin behar zuen ea bere ideia baliagarria izan zen ala ez. Beraz armiarma-sarera bueltatu zen. Semaforoa hautsi egin zuela Armiarmikak. Hantxe zeuden udaltzainak seinaleak eginez trafikoa kontrolatzen.

Hurrengo egunean mekanikari bat etorri zen semaforoa konpontzera. Armiarmika ohartu zenean, kristal hautsiari esker barrura sartu zen berriz ere. Mekanikaria bere erremintekin semaforoa konpondu nahian zebilen, baina hori ezin zuen onartu, bestela gorria egongo zen semaforoa berriro ere eta jendeak itxaron egin behako zuen. Beraz mekanikaria joan zenean bi edo hiru kable mugiturik armiarma-sarera bueltatu zen.

Orduan bai Armiarmikaren ideia baliagarria izan zen: autoak eta gidariak zirelako itxaroten zutenak, eta jendea gelditu gabe bidea pasatzen zutenak. Dena den, dena ez zen poza! Bere etxerik gabe geratu zen, argi gorria ez zelako ia inoiz piztuta, beraz armiarma-sarea gerrian lotuta beste etxe baten bila abiatu zen. Bidean zegoela argi berde erakargarri bat piztuta ikusi zuen. Nola ez zen lehenago ohartu? argi berdearen esanahia jendea pasa zitekeela zen eta gorriarena berriz itxaron beharra! Berdea lehen ia beti itzalita zegoenez ez zuen ikusi, baina bat-batean Armiarmikari ideia bat okurritu zitzaion: argi berdean etxea egitea.

Minutu batzuk geroago armiarma-sarea eginda zegoen eta Armiarmika lasai asko deskantsatzen ari zen lan neketsu guztiaren ondoren.

 

HANDIK AURRERA SEMAFORO HARTAN

POZIK ETA BAKEAN

BIZI IZAN ZEN

 

AMAIERA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*